Iragorriko kanposantua

Iragorriko kanposantua

Lehen indusketa 1960. urtean egin zen.  Loreto Romero Kennedy lurjabeak eskatuta egin zen.

Zortzi gorpu atera zituzten hobi hartatik: Jorge Iturricastillo Maringo apaiza eta haurdun zegoen emakume bat, tartean. Jakina da Romero Kennedyk 20 urte lehenago bideratu zuela hobia irekitzeko eskaera, baina entzungor egin zioten. Lehenengo deshobiratzeen kronika Jose de Artechek 1970ean argitaratu zuen “El abrazo de los muertos” liburuan.

Baina garaiko herritarrek aitortzen zuten deshobiratze hura ez zela  behar bezala egin; besteak beste, hobiak irekitzen eta gorpuak ateratze lanetan aritu zirenek, hain zuzen: azkarregi egin omen zituzten lanak; eremuaren jabea eta jendearen zurrumurruak lehenbailehen isilarazteko. Betirako ahaztu nahi izan zuten bertan gertatu zena, zortzi gorpu haiek aterata.

Jendearen oroimen kolektiboan, auzotarrenean batez ere, paraje hartan jende gehiago fusilatu zutela zegoen gordeta, ordea. Testigantzek zioten bi hobi bazeudela gutxienez. Zenbaitzuek hamahiru lagun fusilatu zituztela esaten zuten, etxekoek graziako tiroak kontatzen zituztelako (Iragorri baserriko Joxe Mitxelenaren testigantza).

Horrela, 2005ean Kattin-txiki elkarteak, Aranzadi Zientzia Elkarteari eskaera formala bidali zion berriz ere Iragorriko Kanposantuan gorpuak bilatu eta deshobiratzeko.

Fusilatuak

Kronologia

2004ko iraila

Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologia saileko hiru kide Iragorriko Kanposantuan izan ziren, tokia aztertzen. Francisco Etxeberria auzitegiko medikuak 19 orrialdeko txosten bat idatzi zuen, ikusitakoarekin eta aurretik prentsan agertu ziren datuekin. Bertan, ireki gabe gelditutako hobi bat gehiago egon zitekeela baieztatu zuen Aranzadik.

2005

Kattin-txiki Elkarteak Aranzadi Zientzia Elkarteari eskaera formala bidali zion, Joxan Mitxelena lurjabearen izenean, berriz ere.

Iragorriko kanposantuan gorpuak bilatu eta deshobiratzeko lanak has zitzaten.

2006ko abendua

Aranzadiren aldetik erantzunik jasotzen ez zutenez, euren kabuz tokia txukuntzea erabaki zuten Kattin-txikiko kideek.

2007ko otsaila

Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak Iragorriko Kanposantura joan ziren berriro, Kattin-txikiko kideekin batera. Zientzialariak egiaztatu zuten lau metro luze eta metro bateko sakonera zuen hobi bat zegoela lurpean. Georradarra eta beste tresna batzuk erabili zituzten ikerketak egiteko, eta 36ko Gerran erabilitako suzko armen 20 zorro baino gehiago topatu zituzten lurrazalean.

2007ko uztaila

Bi indusketa saiotan, otsailean identifikatutako hobia topatzen saiatu ziren Aranzadiko kideak. Georradarrak, metal detektagailuak, hondeamakinak… erabili zituzten eremua aztertzeko. Metro eta erdiko sakonerako zuloak egin zituzten eskuz. Hiru eremu aztertu zituzten, baina han hobirik egon zitekeenik baztertu zuten azkenean, lur gogorra topatu baitzuten hiru tokietan.

2007ko abuztua

Hondeamakinak hartu eta Kattin-txikiko kideek metroz metro altxa zuten Iragorriko Kanposantuko lurra. Hala ari zirela, hezur bat agertu zen. Orduan, Aranzadi Zientzia Elkartera deitu zuten eta bertako auzitegiko medikuak eta historialariak joan ziren Karrikara, hobia irekitzen bukatzera eta hezurrak behar bezala aztertzera.

Bost pertsonaren gorpuzkiak topatu zituzten hobi berean lurperatuak. Testigantzek kontatzen zuten kopurua, beraz, benetakoa zen: zortzi hobi batean eta bost bestean; guztira, 13 fusilatu. Hobiak 2,20 metro zituen luzean eta 1,20 metro zabalean. Lurpean, 1,20 metroko sakoneran zegoen.

2008ko ekaina

Aranzadi Zientzia Elkarteko Iñaki Egaña historialariak Iragorriko Kanposantuan agerrarazitako bost pertsonaren gorpuzkiak identifikatzeko ordura arte egindako ikerketen berri eman zuen. Lau gizonezko eta emakume bat zirela baieztatu zuen. Lau gizonetako bat milizianoa zela identifikatu zuen Aranzadik, hezurrekin batera topatutako objektuengatik. Gainontzekoak, zibilak eta ahalmen ekonomiko frankokoak zirela ondorioztatu du Aranzadik. Ustez, Donostiako Ondarretako kartzelatik eraman zituzten Iragorrira fusilatzeko.

2008ko uztaila

Hilaren 27an, tropa frankistak Alfonso Beorleguiren gidaritzapean Oiartzunera sartu ziren egunaren 71. urtemugan, Oroimenaren Basoa inauguratu zen Iragorriko Kanposantuan. Bi hobi komunak bistan uzteaz gain, Antton Mendizabal eskulturgileak sortutako lan bat ere jarri zen bertan. Frankistek eraildako eta desagertutako biktima guztien oroimena gurtzeko gunea sortzea zen helburua.

Fusilatzera eraman zituzten hamalau herritar haien artean Karlos Sarria Lekuona aurkitzen zen.

Informazio gehiago nahi izanez gero ondoko zenbakira dei dezakezue

Zalantzak argitzen lagundu dezakegu

  • 652735956

Iragorriko argazki sorta