Hezkuntza
OROIMENAREN HARRA UD-a
KATTIN TXIKI
Unitate didaktiko hau 2.batxilergoan aurrera eramateko pentsatua dago. Historia, euskara, gaztelania nahiz filosofia irakasgaietan lantzeko egokia da, beraz, diziplinarteko lana izan daiteke. Jarduera hauek bi alditan edo bi fasetan bana daitezke: lehena, Memoriaren ateak zabalik, eta, bigarrena, Zauriak, itxi ala ireki? Bi zatiak elkarrekin lotuak daude, baina ez ditugu zertan biak erabili. Beraz, unitateak aukera ematen du nahi adina sakontzeko, hala eta guztiz ere, Kattin Txikirentzat benetan interesgarria litzateke Zauriak, itxi ala ireki jardueran proposatzen den eztabaidaraino bertaraino iristea, esku artean dugun lanaren xede nagusia hausnarketa izango baita.
Lan hau genero ikuspegitik eta genero ikuspegia lantzeko helburuarekin sortu da, ezinbestekoa iruditzen baitzaigu emakumeek 36ko Gerran izan zuten protagonismoaren gainean jardutea. Ikuspegi hori alderdi historikotik zein literariotik landuko dugu.
HAUR ERBESTERATUAK
KATTIN TXIKI
Lanketa hau herriko txikiengan pentsatuz sortu dugu, eta haiengan pentsatuz diseinatu badugu ere, helduagoentzat ere egokiak izan daitezke proposatzen diren zenbait jarduera. LH 5-6 eta DBH 1 ikasturteetarako egokiak izan daitezke prestatu ditugun egitekoak. Adin honetako gaztetxoen heldutasuna kontuan izan dugu haur erbesteratuen zein memoria historikoaren inguruko hausnarketa ezberdinak gelara eramateko. Kattin-Txikik egindako dokumentala ardatz hartuta, ibilbide aberatsa egingo dute ikasleek: Pottoko eta Beroki Gorria audio-ipuinak aztertu, gerraren inguruko hausnarketak egin, memoria historikoaren gaineko kontzeptu ezberdinen inguan eztabaidatu, artearen bidez sentimenduak azaleratu…
OROIMENAREN HARRA WEB-ORRIA
OROIMEN HISTORIKOA ESKOLARA
Gasteizko Koldo Mitxelena institutuan sortu da egitasmo hau. Azken bolada honetan irakasleon artean gai honen inguruko kezka nabarmen handitu da, ikasleek gero eta gutxiago ezagutzen baitute gure aurreko belaunaldiek 1936ko gerran eta Francoren diktaduran bizi behar izan zutena. Horretarako egokia iruditu zaigu Euskal Herrian egin diren makina bat lan gune bakar batean biltzea, hain zuzen ere, hezkuntzan lanean gabiltzanok oroimen historikoa eskolara eramatea errazago izan dezagun.
Web-orrialde honen helburua da hezkuntzaren bidez, hezkuntza komunitatearen bidez, iraganean isilarazi eta ezkutatu zuten horren inguruko egia belaunaldi berriek ezagutzea eta bilatzea. Azken batean, errepresioa jasan zuten horien omenez justizia egitea.