Patxi Mitxelena Labandibar
Uztailak 27an larriki zauritu ondoren hil zen oiartzuarra
Juan Francisco Mitxelena Labandibar, Oiartzunen, 1898ko maiatzaren 12an jaio zen Donibane Kaleko Burguene edo Etxezar etxean, axeiania, gaur egun Donibane Kalea 9.
Bere gurasoak Juan Luis Alberto Mitxelena Irastorza eta Francisca Ignacia Labandibar Etxebeste izan ziren.
Oiartzunen 1934ko otsailaren 6an ezkondu zen, 35 urterekin, Maria Pilar Lekuona Etxabegurenekin, Etxetxikikoa, Don Manuel Lekuonaen arreba.
Bi alaba izan zituzten, Miren Pillare 1935ko otsailaren 27koa eta Miren Igone 1936ko uztailaren 2koa.
Izen hauekin bataiatu zituzten naiz eta errejistro zibilean Maria Pilar eta Mª Ascensión izenarekin errejistratu.
Bi alaba hauek Nagusia kaleko 22an jaio ziren, garai hartan batzokia zen etxean, gero zirkuloa izan zena eta gaur egun Kutxa dagoen Doneztebe Enparantza 12 edo eta Aialde 1 dagoen etxean.
Juan Francisco Mitxelena Labandibar, kaleko axeianekoa, Patxi edo Frantxiskuren izenarekin ezagutzen zitzaion. Garai hartan oso ezaguna zen. Gaur egun Done Eztebe enparantzako 11an bizikleta taller bat zuen. Gero Faustina Santa Cruzen denda urte askotan izan zena eta gaur egun estankoa dagoen lekuan.
Bertan bizikletak konpondu eta alokatu egiten zuen. Garai hartako zenbat mutikozkor eta neskek ikasi zuten Patxiren biziketa eta laguntzarekin bizikletan ibiltzen!!
Tallerraren aurrean, surtidorea zuen. Gasolina saltzen zuen eta eginkizun horietan bere iloba Joxe Luix Mitxelena Rezolak laguntzen zion.
Surtidore hura, gero urte askotan Benantxio Arbidek erabili zuen.
Patxik tallerra eta surtidorea garai hartako Nagusia Kaleko 21 zuen eta bera Nagusia kaleko 22an bizi zen, aldameneko etxean. Bainan ez zen bizi bakarrik, etxe horretan batzokia zegoen eta bertako erkargatua zen.
Horrez gain, Patxik autoak gidatzeko karneta ere bazuen eta Egianekoentzat txofer bezala ere lana egiten zuen. Egianekoak gaur egun jubilatuak dauden etxean bizi ziren eta azpiko sotoan gordetzen zuten bere kotxea, Patxik ibiltzen zuena. Gero urte askotan, beheko plazan «Sorondo eneako» etxe aurrean, urte asko egin zituen batere mugitu gabe, Goñi jaunak konfiskatuta.
Esan bezela, Patxi oso langilea zen, geldirik egon gabe ezin zen bizi. Politikoki ere oso aktiboa zen, asko nabarmendu zen. EAJko militantea, Egiaren kotxearekin baserriz baserri ibiltzen zen botoak partitzen edo ta hauteskunde egunean askori bozkatzera laguntzen.
1936ko uztailean, aita izan berria zen bigarren aldiz, eta tallerrean lana egiten ari zela, sumatu zuen reketeak Ergoiengo mendietara iritxi zirela. Bere aitaren etxera joan eta aitarekin batera Arrietako ur depositora joan ziren gauzak nola zeuden ikustera. Berehala konturatu ziren txapel gorri asko heldu zirela eta kaleko ateetan zeudela.
Aitarekin batera Arrietako kaxkuan zeuden bitartean, Iturriotzko lehengusuak Nikaxio eta Anttonio Mitxelena Berrotaran, Almazenekoak, Iturriotzko axeiak, Burguene etxera joan ziren bakoitza bere eskopetarekin, reketeei aurre egitera. Patxi eta bere aita Juan Luis ez zeudenez, Patxiren anaia bertan bizi zena, Mañuel eta bere emaztea Ramona Rezolak esan zieten alde egiteko. Eskopetak bertan utzi eta Ramonak izkutatu egin zituen inork arrapatu ez zitzan. Nikaxio eta Anttonio, Mañuelen laguntzarekin, zimitiotik, Antxuxen barrena Hondarribiara joan ziren eta handik Ipar aldera.
Patxi depositotik bueltan batzokira joan zen eta han Euxebio Iñarra Postoakoa zegoen. Biek ikurriña bat hartu eta elizako kanpandorrera igo ziren. Patxi kanpaijolea zen eta dorreko giltzak zituen. Kanpandorrean ikurriña lotuta utzi zuten. Handik bakoitza bere etxera joan zen.
Reketeak herrira sartu zirenean (uztailak 27), Patxi tallerrean zegoen eta berehala preso hartu zuten, herriko batek denunziatuta ikurriña kanpandorrean jartzen ikusi zutelako. Udaletxeko kotsejupean zegoen alondigan espetxeratua izan zen. Bitartean, tallerrean zituen gauz guztiak (bizikletak eta abar) Done Eztebeko enparantzara atera zituten eta bertan erre.
Batzokian zegoen ikurriña, Mari Carmen Gallastegik eta Ramona Rezolak barreño batean izkutatuta, Burguene etxera eraman zuten. Gerora eta beldurrak eraginda, bertako baratzan su eman zioten.
Patxik, alondigan egun batzuk egin zituen preso, beste lagun batekin, Rafael zuen izena (Altzakoa nonbait)eta Altzibarko Xixarionean zegoen morroi bezela.
Biok preso zeudela, San Markostik botatako granada bat alondigako lehiotik sartu eta eztanda egin zuen. Biak zauritu egin ziren baina Patxi oso larri zegoen. Alondigatik Donibane kaleko ospilatera eraman zuten gaur egun Don Manuel Lekuona liburutegia dagoen lekura.
Gauzak okertu egin ziren eta Done Eztebe Elizako sakristiara eraman zuten. 1936eko Abuztuaren zortzian hil zen.
Errejistro zibilean azaltzen da Donostiako “Hospital de Sangre”n hil zela, eta Elizako dokumentoetan Oiartzunen hil zela
“como consecuencia de la explosión de una granada”
Badakigu Oiartzungo kanposantuan lurperatu zutela, kaja batean, elizkizunik eta ezer egin gabe. Garai hartan, normalki, lurperatzen zituzten gorpuak, soilik, kajarik gabe.
Data bereziak:
1934-2 Ezkondu Pilar Lekuonarekin
1935-2 Lehenengo alaba. Pillare.
1936-7 Bigarren alaba. Igone.
1936-7 Espetxeratua
1936-8 Patxi hiltzen dute
1936-12 Bigarren alaba, Igone, hiltzen da.
Iturria: Joxe Mari Mitxelena Cazabon (Aitonaren anaia zen Patxi Mitxelena Labandibar.)
.