JOSE IGNACIO ODRIOZOLA OIARTZABAL

Inicio/Ekimenak/Uztailak 27/JOSE IGNACIO ODRIOZOLA OIARTZABAL

Kartzelan egon zela bai, baina horretaz aparte etxean ez zuten gertaera haiei buruz hitz egiten, eta senitartekoek ekitaldian parte hartzera gonbidatu zituzten arte ez zekiten ezer. Horrek erakusten du beldurra noraino errotu zen.

Azkeneko senitartekoek hitz egin ondoren, Feliziano Belderrainen seme Jonek Udalaren eskuetan utzi nahi izan zuen aitaren Euzko Igarobidea agiria. Alkateak jaso zuen, eta bihotzez eskertu zion halako altxorra Oiartzungo herriari eman izana. Udal artxibategian jasota egongo da hemendik aurrera.

Alkateak Jon Belderraini esker ona adierazi zion opari harengatik, eta agiriaren garrantzia azpimarratu zuen, esanahi handia duelako: Euskal Herriaren errekonozimendua nazioartean. Ondoren, ekitaldiaren garrantzia eta nondik norakoak azaldu zituen. Udalean Bizikidetza Lantaldean landu zutela aipatu zuen, eta bizikidetzaren ildoan egingo diren urratsetako lehenengoa zela hura. Onartu zuen askoz lehenago egin beharreko ekitaldia zela, errepresaliatuak berak edo, behintzat, haien hurrengo belaunaldiko kide gehiago bizirik zirela; baina ondorengoak han zeudela eta horrek balio handia ematen ziola ekitaldiari. Esan zuen halaber ekitaldia prestatzeko senitartekoekin bilerak egin zituenean ulertu zuela ekitaldiaren beharra zenbaterainokoa zen. Alkatearen ustez, 1936ko Gerraren helburua Euskal Herria desagerraraztea zela, baina ez zuela lortu. Orain, zauriak itxi beharra dagoela, eta horretarako min guztien aitortza egin behar dela, egia, justizia eta erreparazioa lortzeko. 8 pertsona haiek EAJko militanteak zirela, euskaldunak eta abertzaleak, eta beren militantzia eta baloreengatik jasan zutela errepresioa. Haien emazteak ere gogoan izan zituen, familia eta etxea aurrera atera behar izan zituztelako, eta seinalatuak izan zirelako. Auzokoen elkartasuna azpimarratu zuen. Eta gertaera haiek guztiak itzalpean egon direla urte luzez, bizitu zituztenei sartu zieten izugarrizko beldurragatik. Bukatzeko, esan zuen egia guztiak jakin eta kontuan hartu behar direla, oroimena osatu eta ez ahazteko.

Alkateak bukatu zuenean, oroituen senitartekoak oholtzara deitu zituen Usoak, eta han ekitaldiaren oroigarri bana eman zieten Jexux Leonet alkateak eta Eneritz Arbelaitz, Rafael Bergaretxe eta Janire Mitxelena zinegotziek. Oroigarria Iragorriko kanposantuan dagoen eskulturaren erreplika da. Oroigarriak eman ondoren, bi dantzarik «agurra» dantzatu zuten.

Horren ondoren, Alkatetzaren alboko horman jarrita dagoen plaka desestali zuten alkateak eta Jon Belderrainek, gainerako senideek inguratuta. Plakan 8 hautetsi omenduen izen-abizenak jasota daude, orduko gertaeren aipamenarekin. Hemendik aurrera, handik pasatzen diren guztiek jasoko dute gertaera haien berri.

Bukatzeko, mokadutxo bat elkarrekin jateko aukera izan zuten ekitaldira gerturatu zirenek.

Aipagarria da herriko jende asko izan zela ekitaldian, senitartekoez gain. Horrek adierazten du, garai hartako gertaerez gehiegi hitz egiten ez bada ere, jendeak gogoan dituela eta ez dituela ahaztu nahi. Herriak ez ditu ahaztu.

Santusenen jaio zen eta Genovevarekin ezkondu zen; 3 seme-alaba izan zituzten. EAJko zinegotzia zen eta San Cristobalera eraman zuten preso. 4 urte egin zituen preso han, eta libre ez zuela atera nahi esaten zien kartzelako zaindariei. Agian horrek salbatu zuen tiroz hiltzetik. Etxera bueltatzeko isunak ordaindu behar izan zituen. 1968an hil zen.