ESTEBAN GOIENETXE AROZENA

Inicio/Ekimenak/Uztailak 27/ESTEBAN GOIENETXE AROZENA

4 urte egin zituen San Cristobalen, eta handik atera zenean, herritarren salaketak tarteko, Santanderrera erbesteratu zuten. Bolada luzea egin zuen han, familia batekin bizitzen jarrita. Oso harreman ona izan zuten elkarrekin, eta, Irundarrenera itzuli ondoren, elkarri gutunak idazten zizkieten. Gero, Argentinara joan zen Esteban, bolada luze baterako, han zituen 4 arreba eta anaiarengana; eta handik itzuli eta denbora gutxira, emaztea hil zen, gazte, gaixotasunagatik. Mañolik orduan 10 urte zituen, eta gogoan du ordura arte aita ia ezezaguna zitzaiola.

Altzibarren izandako beste gertaera batzuk ere gogoratu zituzten: plazako pareta baten kontra egin zen fusilamentua. Orduko kontuez ez zen hitz egiten, baina gertaera jakin hura belaunaldiz belaunaldi transmititu zen Irundarrenen eta Altzibarko beste etxe askotan.

Mañolik dioenez, aitak ez zuen gerrako kontuez hitz egiten, pasatutako sufrimendua ahaztu nahi izan zuelako, baina ez gertatutakoa. Gizon irekia zen, besteei laguntzeko beti prest. Bere erara, munduaren eta herriaren martxari atxikita jarraitu zuen beti. Pasatako guztiak ez zion gorrotorik edo mendeku-gogorik sortu. Segundo inori kalterik egin nahi ez zion pertsona zen, asmo txarrik gabekoa, eta hori transmititu zien ingurukoei ere.

Esteban Matteonen jaio zen, eta Altzibarko Irundarrenen jarri zen bizitzen ezkondu zenean. 1934an ere EAJko zinegotzi izan zen. 1936an atxilotu eta San Cristobalera eraman zuten. 38 urte zituen orduan. Mañoli alaba hilabetetako haurra zen.

Militarrek, Oiartzunen egon ziren bitartean, Irundarrene beren ostatu gisa hartu zuten. Segundoren familiak mendi aldera joan behar izan zuen, Gorosketara. Baina auzotar batzuek, are min handiagoa egin nahian, militarrei esan zieten Segundoren emazte Nikolasa oso sukaldari ona eta langilea zela, eta frankistek otorduak prestatzeko norbait behar zutenez, Segundoren emaztea etorrarazi zuten.