1936ko hautetsi errepresialiatuei omenaldia

1936ko uztailaren 27an, tropa frankistek Oiartzun hartu zuten, Beorlegui koronela eta Ortiz de Zarate komandantea buru zirela. Herriko lau bizilagunen salaketaren ondorioz, segituan hasi ziren herrian errepresioa erabiltzen eta, besteak beste, uztailaren 30ean, EAJko alkatea eta zazpi zinegotzi atxilotu zituzten; beste bat ordurako ihesi joana zen. Atxilotuek gaua udaletxeko kalabozoan egin zuten; hurrengo goizena, oinez eraman zituzten Berara eta handik kamioietan Iruñeko San Cristobal (Ezkaba mendia) gotorlekura, han preso sartzeko.