Uztailak 27

1936KO HAUTETSI ERREPRESALIATUEI OMENALDIA

1936ko uztailaren 27an, tropa frankistek Oiartzun hartu zuten, Beorlegui koronela eta Ortiz de Zarate komandantea buru zirela. Herriko lau bizilagunen salaketaren ondorioz, segituan hasi ziren herrian errepresioa erabiltzen eta, besteak beste, uztailaren 30ean, EAJko alkatea eta zazpi zinegotzi atxilotu zituzten; beste bat ordurako ihesi joana zen. Atxilotuek gaua udaletxeko kalabozoan egin zuten; hurrengo goizena, oinez eraman zituzten Berara eta handik kamioietan Iruñeko San Cristobal (Ezkaba mendia) gotorlekura, han preso sartzeko.

Udala 1936  

EKITALDIAREN AURREKARIAK

Kattin Txikik, 1936ko gerrako oroimena berreskuratzen diharduen Oiartzungo taldeak, 2018ko maiatzean Udalari proposatu zion 1936an atxilotu eta errepresaliatu zituzten Oiartzungo hautetsien omenez ekitaldi bat egitea. Udalak proposamenari baiezkoa eman zion, baina, urte hartan bertan egiteko behar besteko denborarik ez zela egongo iritzita, hurrengo urtean Kattin Txikirekin elkarlanean egiteko konpromisoa hartu zuen.

Udala osatzen duten 2 talde politikoek Bizikidetza Taldean landu zuten proposamena. Hautetsi errepresaliatuen senitartekoekin banaka bildu ziren Udaleko ordezkariak, eta gero guztiekin beste bilera bat ere egin zuen.

EKITALDIA

2019ko uztailaren 27an egin zen (larunbata), udaletxeko Areto Nagusian, 12:30ean, Usoa Arbelaitzek gidatuta.

Hasieran, Olatz Retegik (antropologoa eta Kattin Txiki taldeko kidea), garai haren eta gertaera haien testuingurua azaldu zuen. Oiartzunek 4000 biztanle zituen orduan, eta 6000 inguru soldadu eta rekete sartu ziren herrian. Gertaerak gogoratzeko, Olatzek adineko zenbait oiartzuarren testigantzak erabili zituen: Arroxa Pikabea, Karmen Gallastegi, Sebastiana Kamio, Antonio Eskudero eta Frantxixka Iragorri (gehienak jada hilak dira). Haien bidez kontatu zuen errepresio kulturala (euskararekiko eta euskal kulturarekiko), ekonomikoa eta ideologikoa zenbaterainokoa eta zein motakoa izan zen. Hala, errepresaliatuen kopuruak eta errepresio motak zerrendatu zituen: 12 fusilatu eta 9 desagertu oiartzuar; 117 fusilatu hilerriko horman, Oiartzungo hilerrian fusilatuak beste hainbeste izan ziren, jakin ezingo ditugun beste hainbeste Oiartzungo bide ertzetan fusilatuak (esaterako, Artikutzako bidean); espetxeratuak eta kontzentrazio esparruetara bidalitakoak: Oiartzundik 43 kideko talde bat San Cristobalera eta beste bat Ondarretara, guztira 57 espetxeratu Espainiako espetxe ezberdinetan banatuak (Puerto de Santa María, Gurs-eko kontzentrazio esparrua, Valladolideko espetxea); kontrol soziala, erridikulizazio publikoa emakumeei ilea moztu eta errizino-olioa edanaraziz; mehatxuak, bortxaketak, lan gogorrak, ideologiarekin bat ez zetozen adierazpenak eramanarazi (bandera espainola ilean); 5 emakume San Cristobalen eta beste 4 emakume Ondarretan espetxeratuak izan ziren; trabajadoreen batailoietara behartuak: 1939tik 1941era bitartean Oiartzunen 2702 langile izan ziren lan gogorretara behartuak (Aritxulegin, Babilonian eta Arkalen); depurazioak irakaskuntzan (irakasle asko emakumeak ziren); inkautazioak; isunak; zigor ekonomikoak eta zigor laboralak, hau da, garbiketak edo depurazioak: udalbatza osoa kanporatua izan zen; apaizen aurkako errepresioa: kartzelaratze eta fusilaketak (Gervasio Albisu eta Martin Lekuona apaizak); errefuxiatuak eta erbesteratuak (haur, emakume eta etxeko adinekoak ziren gehienak): artxiboan jasota dagoenez, 19 erbesteratu izan ziren, baina herritik jende askok ihes egin behar izan zuen gerrako uneren batean, familiaren edo norbanakoaren segurtasunagatik (Oiartzundik askok Iparraldera).

Jarraian, Alaitz Guridik Lauaxetaren Agur, Euzkadi! kantua abestu zuen, Begoña Bergaretxek pianoarekin (teklatuarekin) lagunduta.

Udal aretoan egin zen ekimenean irakurri zen textua

1936ko Uztailaren 27an Oiartzungo hautetsiak

FELIZIANO BELDERRAIN AGIRRE

Usoa Arbelaitzek irakurri zuen Belderraini buruzko pasartea.

MANUEL IRIGOIEN MITXELENA

Manuelen biloba Miren Irigoienek hitz egin zuen.

SEGUNDO BERRONDO RETEGI

Usoa Arbelaitzek irakurri zuen, Segundoren biloba Juan Mariri esker prestatutako idatzia.

JERONIMO UGALDEBERE LABANDIBAR

Nieves alabak eta Jabier semeak irakurri zuten Jeronimori buruzko pasartea.

ESTEBAN GOIENETXE AROZENA

Rafael Bergaretxek irakurri zuen Mañoli Goienetxerekin eta Marixabel Garmendiarekin osatutako idatzia.

LUZIANO ARISTIZABAL ETXEBERRIA

Luzianoren biloba Jon Miner arduratu zen hari buruzko pasartea irakurtzeaz

JOSE IGNACIO ODRIOZOLA OIARTZABAL

Usoa Arbelaitzek irakurri zuen Maite eta Genoveva bilobei esker osatutako idatzia.

LEONZIO ARANBURU AGIRRE

Nini (Mari Jose) Olaizolaren izenean, Joseba Rekaldek irakurri zuen. Leonzio Niniren amaren osaba zen. Maria Josefa Baraibar Niniren ama ez zen izan ekitaldian, baina bere esker ona adierazi zion Udalari eta agurra bidali zien bertan bildutakoei.